XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) aste hartan behin baino gehiagotan nozitu zuen etsipen berbera bere maiteñoari ailegarazten asmatu izan ez zuelako.

Segidan, ordea, asaldatu egin zen hura gogoratu izanaz eta gupidarik gabe oldartu zitzaion gogoeta tankera hari.

Hik ez huan gutuna bidaltzeko benetako asmorik sekulan izan ekin zion barruko ahotsak, haserre; beldur handiegia hion Merçek iritziko zionari.

Hire gutunak helburu zehatza zeukaan, orain pentsatzen duanez, Merçeren samurtasuna irabaztea hain zuzen, eta oraindik ere igorri izatera bere xedea lortuko zukeelakoan hago.

Baina, gogora hadi, idatzi huanetik zakarrontzian alferrikaldu arte hainbat bider eduki huan eskuartean, aldiz kontent eta ados, aldiz mutiri eta ezkor begiratzen hiola.

Une haietan ez hinduan posta arazoak kezkatzen, gutunean ageri zen hitz guzti eta bakoitzaren egokitasunak baizik.

Zenbat bider ez huan goitik behera irakurri!

Eta zertarako, eh, zertarako?

Ezertarako ere ez.

Ez huan aldaketarik nimiñoena egin jatorrizko idazkian.

Eta gero, azken momentuan antolatu huan telefonozko antzez-lana.

Argi baheukan bidali behar hiola, zergatik ez hintzen igandean bertan hartarako bideak bilatzen hasi?

Baina, beno, nahikoa duk, egindakoa eginda zegok jarraitu zuen barruko ahotsak, hitzen doinua leunduz eta ni ez nagok hemen hire kalterako; (...)